
Gaur beteko dira 50 urte Manuel Yarza Zendoiak Yarza burdindegia zabaldu zuenetik. Auzoko denda zaharrenetakoa da eta gaur egun Manuelen semeak dira dendako nagusiak.
Yarzatarrak ez dira herdoiltzen
raul perez
Hemen etxe gutxi batzuk baino ez zeuden aitak denda ireki zuenean. Abentura zen; apustu handia egin zuen. Hala ere, gogoan dut aita denda irekitzeko irrikitan zegoela ». Juan Jose Yarzaren hitzak dira. Gaur 50 urte ireki zuen bere aitak Manuel Yarza Zendoaik, burdindegia Amara Berrin, Antso Jakitunaren hiribidean. Ez zaio Juan Joseri arrazoirik falta, izan ere, duela mende erdia, 1958an, Amara Berrik ez zuen zer ikusirik gaur egungo auzoarekin. Auzoa jaiotzen ari zen. Rex zinema, esate baterako, urtebete lehenago zabaldu zuten.
Jaiotzez amasatarra, txikitan etorri zen Donostiara Manuel Yarza. Hiriko beste burdindegi batean lanean ibili eta gero ireki zuen Antso Jakituna hiribideko denda. Hiru semeek, Juan Josek, Manuelek eta Jose Marik dute orain dendaren ardura. Juan Josek gogoan du aitari laguntzen hasi zenekoa, eta besteak beste, Txofre plazarako enkarguak egiten zituztenekoa. «Egun batean bandera jartzeko soka falta zitzaien eta deitu egin ziguten. Korrika eta presaka eraman behar izan genien soka». Besteak beste, torlojuak ere eramaten zituzten zezen plazara, eta baita zorua marrazteko makina. Zezen plaza haren arrastotik ez dago egun, eta bizikleta ere ez dute erabiltzen. Hala ere, zenbait enpresa eta lantegitara joaten dira haiek eskatutakoa eramatera, motorrez edo furgonetaz. Denda handiekin lehiatzea ez da erraza eta hori dela-eta, ahalik eta zerbitzu osoena eskaini aldera bezeroari gertuko zerbitzua ematen saiatzen dira. «Urteen poderioz, tresna asko berriak dira, baina aurrez aurreko salmentarekin jarraitzen dugu. Harreman pertsonalei garrantzi handia ematen diegu», azaldu du Juan Jose Yarzak.
Hamaika lan
Enpresa baten enkargua jaso, bezero bati giltza baten kopia egin... Mantala urdina soinean daramatela , ez dira geldirik egoten Yarza anaiak. Denda lepo dute. Mota guztietako torlojuez aparte, beste hainbat gauza saltzen dituzte. Oraindik ere urte batzuetan Antso Jakitunaren hiribidea eta Azpeitia kalearen arteko izkinean ikusiko ditugu, baina haiek uztekotan norbaitek lekukoa hartuko dien ez dakite. «Berez, dendan lan egitea ez da gogorra, baina deserosoa da nolabait esateko». Kontuak kontu, poza antzematen zaie Yarza anaiei: «Merkataritza guneetako dendek min egin digute, baina hala ere gurea denda ezaguna da».
Emakume bat sartu da dendara eta poztu da jakin duenean auzoko budindegiak 50 urte bete dituela. Bere hitzak ezin argigarriak dira: «Denda hau klasiko bihurtu da».
Erakusketa
'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.